Gizatzen enpresak desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko Incorpora programarekin kolaboratzen du
Actualidad
Conoce las últimas noticias de Incorpora en tu territorio y la información más relevante de cada comunidad.
Gizatzen enpresak desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko Incorpora programarekin kolaboratzen du

Gema Martínez, Gizatzen enpresako gerentea.
Enpresa gisa eta gizartearen parte gisa, langileei alde pertsonaletik eta profesionaletik garatzeko aukera emango dieten lan egiteko modu berriak ezarri behar ditugu, eta, aldi berean, gizartean benetako eta ageriko aldaketak sustatzeko aliantzak bultzatu behar ditugu.
Gema Martínez Bizkaiko Gizatzen enpresako gerenteak gizarte-erantzukizun korporatiboaren garrantziaz hitz egin digu, eta FEKOOR erakundearen bitartez desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko Incorpora programari zelan laguntzen dioten azaldu digu.
Gizatzen enpresaren konpromiso soziala gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonen alde
Gizatzeneko zenbait ordezkari aurretik ere noizbait aritu dira Incorpora programarekin lankidetzan; izan ere, “integrazioaren eta aniztasunaren aldeko apustua, duela zenbait urte hasi genuen ibilbide luzeko eraldaketa da”, Gemak dioenez. Hala ere, laneratzeko proiektu horrek ekar zezakeen guztia sakonago ezagutu ondoren, lankidetza zabaltzea eta zuzenean inplikatzea erabaki zuten.
Horrela hasi ziren lanean Incorpora Euskadi Taldeko FEKOOR (Bizkaiko Desgaitasun Fisiko edo/eta Organikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea) erakundearekin eta Maitane Bergara enpresa-prospekzioko teknikariarekin, gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonak kontratatzeko.
“Incorpora programak egiten duen lana ezinbestekoa da guretzat”, Gizatzeneko gerenteak azpimarratu duenez, eta gaineratu duenez “teknikariak dira erabiltzaile bakoitzaren historia ezagutzen dutenak eta gure enpresan gehien egokitzen den lan-jarduerara bideratzen dakitenak”.
Beraientzat, gizarte-konpromisoa duen enpresa den aldetik, Incorpora programarekin lankidetzan aritzea “kalitatezko hautaketa-prozesuak, erantzuteko arintasuna eta laneratzeen jarraipena bermatzen dituen bazkide espezialista bat izatea da”.
Gemak, gainera, FEKOOReko Maitane teknikariaren konpromisoa nabarmentzen du: “Prozesu osoan zehar gurekin egoteaz eta laguntza emateaz arduratu da, baita jarraipen pertsonalizatua egiteaz ere. COVID-19ak eguneroko prozesu askotan oztopoak jarri dituen arren, bere kudeaketa onari esker komunikazio arinarekin eta eraginkorrarekin jarraitu ahal izan dugu”.
Kolektibo kalteberak kontratatzeko talde arrakastatsua
Gemak dioenez, Gizatzenek FEKOOR erakundearen bidez Incorpora programarekin kolaboratzen duenetik, “gardentasunean, lanen kalitatean eta konpromiso sozialean oinarritutako kudeaketa lortzen ari gara, eta, beraz, bezeroak erabat gogobetetzea lortzen dugu”.
Horregatik, enpresako gerentea oso pozik dago sinergia horrekin, eta Incorpora programarekin lankidetzan jarraituko dutela adierazi du gizarte-bazterketa arriskuan daudenen, batez ere desgaitasuna dutenen, gizarteratzearen eta laneratzearen alde.
Gemak aukera aprobetxatu du, gainera, beste enpresa batzuei laneratze-proiektu horretan parte har dezatela gomendatzeko, “enplegua aukera-berdintasunean sortzearen aldeko apustu gisa, eta lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko”.