One Taldea: gek politikak, prestakuntza eta laneratzeak Incorporaren ondoan

One Taldea: gek politikak, prestakuntza eta laneratzeak Incorporaren ondoan

Cristina Matilla, Katealegaia erakundeko Incorpora laneratze teknikaria, One taldeko talde teknikoarekin batera

Gaurko protagonista Alberto Garate da, Incorpora programaren enpresa kolaboratzailea den One Taldeko zuzendari nagusia, eta azaldu digunez, zerbitzu-konpainiak kolektibo kalteberei aukerak eskaini dizkie, “La Caixa” Fundazioaren laneratze-ekimenaren laguntzarekin. Gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonek aukera-berdintasuna izan dezaten etorkizun berdinzaleago eta iraunkorrago baten alde lan egiten duen lankidetza arrakastatsua.

One Taldearen eta Incorpora programaren arteko harremana 2014an hasi zen. Une horretan, enpresak, gizarte-erantzukizun korporatiboko politika sendoak zituenez, lan-proiektuarekin bat egitea erabaki zuen, eta, horrela, bere alderdi sozialena sustatu zuen, kolektibo kalteberen enplegua sustatuz.

“Gure balio nagusietako bi konpromisoa eta erantzukizuna dira. Elkarlanean aritzen garen eragile guztietara zabaltzen ditugu printzipio horiek, eta Incorpora programak printzipio horiek betetzen laguntzen digu. Enpresek ekarpena egin behar dugu, eta hark ematen diguna gizarteari itzuli”, zehaztu du Albertok. Horrela, One Taldeko zuzendari nagusiak, Incorporaren bitartez, lan-aukerak ematea eta, beraz, kalitatezko enplegua sortzea nola lortzen duten azaldu du.

Kolektibo kalteberei aukerak eskaintzeko errepikatzen den lankidetza

Lankidetza hasi zenetik, One Taldeak hainbat aldiz eta modu desberdinetan hartu du parte Incorpora Euskadi Taldearekin. Bi erakunde horien akordioaren bitartez, hainbat kolektibo kalteberetako kideen 13 laneratze gauzatu dira bere plantillan. Zehazki, Katealegaiak urritasuna duten pertsonen 7 laneratze bultzatu ditu, eta horietako bat modu mugagabean kontratatu da; bi pertsona gehiago Sartu Gipuzkoatik kontratatu ziren 2018an, eta, azkenik, Gipuzkoako Gurutze Gorriaren beste bi erabiltzailek zerbitzu-enpresan sartzea lortu zuten 2016an.

Baina dena ez da bazterketa-arriskuan dauden pertsonen lan-kontratuetan oinarritu, enpresak, Incorpora programarekin batera, neurrira egindako hainbat prestakuntza ere bultzatu baititu. Horrela, 2018an, biltegiko eta garbiketako bi ikastaro egin ziren, eta Incorpora erabiltzaileak goranzko bidean dagoen sektore batean trebatzeaz gain, 4 pertsona zuzenean laneratzea lortu zuten, horietako bi gazteak, enplegua lortzeko zailtasun gehien dituen taldeetako bat.

Gainera, One Taldeak gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen laneratzea ere sustatu du: “Duela urte batzuk gure Fundazio propioa eta Capacita (Enplegu Zentro Berezia) sortu genituen Madrilen, helburu sozial berarekin”, zehaztu du Albertok, eta gaineratu du: “Ahulenak laneratzea sustatzen duten horrelako ekimenak beti babestuko ditugu, datozen tokitik datozela ere”.

Langile motibatuak, Incorpora programaren abantailetako bat

Kontratatzeko orduan kontuan hartzen dituzten ezaugarriei buruz Albertorekin hitz egiten dugunean, erantzuna argia da: “Guk ez diogu begiratzen kontratatzen ditugun pertsonen NANari, ezta urrritasun bat duten edo zer erlijio jarraitzen duten ere. Horrek ez digu eragiten kontratatzeko orduan. Pertsona batek gogoa badauka eta lan egin nahi badu, ondo egingo duela uste dugu”.

Horrela, enpresako zuzendariak esan duenez, Incorpora programari esker, “lan egiteko prest eta gogotsu dagoen jendea” aurkitu dute, eta hori, erraza dela iruditu arren, ez da beti horrela izaten.

Denak irabazle irteten diren harremana: “Katealegaia bezalako erakundeekin oso erraza da”

One Taldeko zuzendari nagusiak azaldu bezala, enpresak eta Incorpora programak harreman bat ezarri dute, eta guztiek irabazten dute: “One Taldeak eta Katealegaiak, prozesuan lagundu gaituen Incorpora erakundeak, helburu eta balio komunak partekatzen dituzte, baita behar berberak ere. Irabazi-Irabazi harremana da guztiontzat eta, beraz, oso harreman ona da”.

Albertori bere enpresan urritasunen bat duten pertsonak sartzeak dituen emaitzei buruz egiten duen balorazioaren gainean galdetu diogunean, hauxe erantzun du: “Enpresa guztientzat zerbait positiboa dela uste dut. Ez dut ulertzen enpresa batzuek urritasuna duten pertsonak kontratatzea legez ezarritako betebehar gisa hartzea”.

One Taldeko zuzendariak, halaber, “La Caixa” Fundazioaren lan-proiektuak enpresei eman diezaiekeen balioa azpimarratu du: “Dagoeneko gomendatu dugu Incorpora programa beste enpresa batzuei ere eskaintzea, lehen esan dudan bezala, lan egiteko gogoa duten langileak aurkitzea beharrezkoa baita konpainia askorentzat (...). Beti egiten dut zuen gomendioa, zuen gertutasuna eta eraginkortasuna direla eta”.

Azkenik, eta pandemiaren testuinguruari dagokionez, Albertok esan du babes handia sentitu dutela eta, aurrez aurreko hitzorduak murriztu badira ere, kontaktuak beti jarraitu duela: “Elkarrekin lan egiteko interesa dagoenean, beti aurkitzen da hori egiteko modua; telefono-deiak; bideo-deiak; e-mailak; WhatsApp mezuak… Katealegaia bezalako erakundeekin, oso erraza da”, amaitu du One Taldeko ordezkariak.

Compartir:

linkedin