Sonia Ruizek Incorpora teknikari taldea indartu du: “Enpresekin lan egin ahal izatea erronka bat da profesional gisa hazten jarraitzeko”
Actualidad
Conoce las últimas noticias de Incorpora en tu territorio y la información más relevante de cada comunidad.
Sonia Ruizek Incorpora teknikari taldea indartu du: “Enpresekin lan egin ahal izatea erronka bat da profesional gisa hazten jarraitzeko”

Gaur, Incorpora Euskadi Taldearekin bat egin duen aurpegietako bat ezagutuko dugu: Sonia Ruiz, gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonen lan-orientazioa enpresen beharrekin bateratzea lortzen duen Gizakia Fundazioko teknikari nekaezina. Lehen pertsonan, egoera zaurgarrian dauden taldeen laneratzea hobetzeko egunero aurrean dituen erronkak azaldu dizkigu.
Lan-orientazioa eta enpresa-prospekzioa, biak maila berean
Soniak ia 15 urte daramatza gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonen laneratzean lanean, baina ilusioz azaldu digu orain dela gutxi sartu dela Incorpora teknikari-taldean, Gizakia erakundeko Incorpora teknikari nagusiari laguntzeko. Aipatzekoa da erakundeak Incorpora programarekin duen lankidetza 2011koa dela; izan ere, Soniaren lankidea urte horretan hasi zen programa osorik lantzen.
Horrela, gure gaurko protagonistak estu egiten du lan enpresa-prospekzioko teknikariaren ondoan, laguntza ematen, eta, elkarrekin, zubi-lana egiten dute enplegua eskatzen duten pertsonen eta askotariko profil profesionalak bilatzen dituzten inguruko konpainien artean. Laneratzearen eta enpresa-prospekzioaren arloko profesional gisa egiten duten lana koordinatzeak alderdi guztien beharren zeharkako ikuspegia modu arin, hurbil eta kalitatezkoan egitea ahalbidetzen du. “Niretzat, profesional gisa, lan horretan bi aldeei laguntzea eta bitartekari lanak egitea pozgarria da”, gaineratu du.
Orain arte, Soniak ikusia zuen nola funtzionatzen zuen Incorpora programak bere erakundearen barruan, baina ez zen programa horren parte. Hala ere, aurretik ikusi ahal izan du enpresekiko harremana oso arina eta elkarrekikoa dela, bi aldeek –lan-ekimenak eta enpresek– helburu bera baitzuten: egoera zaurgarrian dauden kolektiboei laneko ateak irekitzea.
Laneratze teknikariaren arabera, eskaintzen, enpresen eta erabiltzaileen alta egiteko aplikatiboa eta prozedura jadanik ezagutzen dituen arren, oraindik ere ikaskuntza-prozesu betean dago, eta hori ez da inoiz gelditzen; izan ere, programa etengabe ari da Incorpora teknikariak prestatzen, lan-merkatuan sortzen diren premien arabera.
Hasierako ikaskuntza horretan Soniak Incorpora programak gizarteari eskaintzen dion guztiari buruz hausnartu du. Honela laburbiltzen du: “Alde batetik, Incorporak beren beharretara egokitutako lana edo/eta prestakuntza aurkitzeko aukera ematen die erabiltzaileei, eta, horrela, lan-merkatuan sartzen laguntzen die”. Bestetik, azaldu duenez, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonak kontratatzeak hainbat abantaila dakarzkie enpresei, Incorpora programarekin lankidetzan aritzean; besteak beste, “La Caixa” Fundazioaren laneratze-ekimenaren expertise izenekoaren euskarria jaso ahal izatea, kasu honetan bitartekaritza-teknikariaren eta enpresaren prospekzio-teknikariaren arteko sinergiei esker. “Horri esker, enpresek bilatzen dituzten lanpostuetarako pertsona egokien hautagaitzak lor ditzakete”, zehaztu du.
Laneratzeko teknikariak, laguntza pertsonala egoera zaurgarrian dauden kolektiboentzat
Soniari bere lanaren zatirik zailenaz galdetzen diogunean, argi dauka: “Pertsona bat Gizkaiara datorrenean, langabezian egoteaz gain, babesik gabe iristen da”, laburbildu du. Laneratzeko teknikariaren hitzetan, Incorpora programara datozen erabiltzaile asko emozioak azalean dituztela heltzen dira: “Pertsona batzuek lan-orientazioa eskatzen digute kaleratu osteko dolu betean, haserre, ukapen betean eta onarpen-prozesu motelean. Autoestimua altxatzeak, estigma sozialak markatutako bidegabekeria alde batera utzi gabe, enplegua bilatzeko eta laneratzeko ibilbidea indartzeko eskura ditugun motibazio-tresna eta -baliabide guztiak beraien esku jartzea dakar”.
Hala ere, Soniak azaldu duenez, hori ez da gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden eta lan bila dabiltzan pertsonen egoera bakarra. “Beste batzuek curriculum-hutsuneak dituzte, eta, lan-prestakuntza eta -orientazioko ibilbide adostuen bidez, hutsune horiek betetzen ari gara, lan-munduan sartzen laguntzeko”.
Motibazioaren eta pertseberantziaren saria: laneratzea
Gizkaiako teknikariak azaldu duenez, egoera zaurgarrian dauden kolektiboei orientazio pertsonala eta lanekoa ematea ez da beti erraza izaten, eta horrek ahalegin eta dedikazio handia eskatzen du. Hala ere, lanak bere saria duela aitortu du: “Lan guztiak bere ordaina du pertsona horrek kontratatu egin dutela jakinarazteko deitzen dizunean”, laburbildu du Soniak.
Laneratzearen profesional gisa, teknikariak azaldu du lan-helburua lortzean ezinezkoa dela horren atzean dagoen baterako lan guztiari buruz ez hausnartzea. “Lan-orientazioko, prestakuntzako, motibazioko eta laneratzen laguntzeko saioen lan komun horrek merezi izan duela sentitzen duzu”.
Incorpora programa 45 urtetik gorako pertsonen ondoan
Soniak istorio asko konta liezazkiguke, harro egoteko modukoak, baina gaur istorio jakin batez hitz egin digu. Azaldu digun kasuak, bizitza osoa harreragile gisa lanean eman zuen enpresatik kaleratu ondoren Incorpora programara joan zen 60 urteko emakume bati buruz hitz egiten digu.
“Bere lehen saioan 45 urtetik gorako pertsona bat izatea oztopo bat zela uste zuen, bidaltzen zituen eskaera guztiei uko egiten zietelako. Hala ere, bere saioetan sentitzen eta transmititzen zuen okerrena beldurra, ziurgabetasuna eta ezintasuna ziren”, azaldu du teknikariak.
Azkenik, pertsona batzuek lan-eremuan jasaten duten adinarengatiko diskriminazioa edo edadismoa ez zen eragozpen izan lan-bizitza modu egonkor eta autonomoan amaitzea lortu zuen erabiltzaile horrentzat. Trebezia sozio-pertsonaletan eta garbiketan trebatzeko ibilbide bat adostu ondoren, Incorpora erabiltzaileak lan-kontratu bat lortu zuen Bilboko Hiribilduko ostatu txiki batean harreragile eta pisuetako zerbitzari gisa.
Hori Incorpora Euskadi Taldea erakundearen bidez lortutako arrakasta-kasuen adibide bat baino ez da; izan ere, 45 urtetik gorako pertsonei ez ezik, egoera zaurgarrian dauden beste kolektibo batzuei ere ematen die laguntza eta lan-orientazioa, gazteei, urritasuna duten pertsonei edo adikzio-arazoak dituzten pertsonei, besteak beste.